2018ko udal aurrekontuen gaia aztertuko da gaurko Osoko Bilkuran

2017/11/30
Card image cap
Lan zerrenda luzea prestatu da eta bilera hasiera 18:00tara aurreratu da

  13 gai jaso dira Osoko Bilkurarako lan zerrendan. Aurreko bilkuraren agiria onartu ondoren udalaren 2018ko aurrekontu orokorra proposatuko da lehen aztergai moduan. Gobernu taldeak orain 15 egun aurkeztu zion aurrekontu proposamena oposizio taldeari. Horren arabera, udalak, 18.781.000 euroko aurrekontua izango luke datorren urterako, aurtengoa baino % 2.15 handiagoa. Baina proposamena bere horretan onartuko den edo EAJren ekarpenak ere jasoko dituen arratsaldean ezagutuko dugu. Bide batez, aurrekontua udalbatzaren erabateko adostasunez onartzen den ala ez ere, arratsaldeko eztabaidaren ondoren jakingo dugu.

  Udalak urtean zehar egingo dituen inbertsioak, sustatuko dituen diru laguntza eta politikak jasotzen dira urteko aurrekontuetan eta ondorioz, urteko gairik garrantzitsuena dela esaten da. Eztabaida luzea sortzen duen gaia da, daukan garrantziagatik hain zuzen, eta horregatik 19:30tan hasi ohi den Osoko Bilkura aurreratu eta 18:00tan hasiko da gaur. Aurrekontuen gaia aztertuko delako eta beste gai ugari ere aurkeztuko direlako.

  Olaburuko enpresa ekimenetarako zentroko araudiaren onespena eta pertsona langabetuak kontratatzeko laguntza oinarriak eta deialdia proposatuko da Osoko Bilkuran. Oñatiko adikzioak prebenitzeko udal plana zertan den ere azalduko da. Bi mozio idatzi proposatuko dira bileran: azaroaren 25aren ingurukoa bata eta abenduaren 3aren ingurukoa bestea. Eta Alkate Dekretuz onartu diren hainbat gaien berri ere emango da.

  18:00tan hasiko da Osoko Bilkura zuzenean eskainiko du Oñati Irratiak.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!